
AURKENE MORA ðZurriola Ikastolako zuzendaria
«Orain arte eskainitako gertutasuna ez dugu galdu nahi»
Gros
Bihar izango da Zurriola Ikastolaren festa; berezia izango da, ikastolak 40 urte bete baititu eta Barandiaran Lizeoarekin bat egin duelako.
raul perez
Pasai Donibanen jaioa, Grosen bizi da duela 30 urtetik Aurkene Mora. Psikologia ikasketak egin zituen Parisen, eta bukatutakoan lanean hasi zen Donostian. Eskoletan prebentzioa lantzea zen Mora eta bere lankideen eginkizunetako bat eta ondo-ondoan zuten Zurriolara jo zuten. Horrela izan zuen lehen hartu-emana Morak ikastolarekin. Urteak joan dira ordutik eta Ikastolako zuzendaria da egun. Kasualitatea? «Beno, ez hainbeste», dio.
Ikastolak 40 urte bete ditu. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Ni, berez, ez nago sorreratik, baina badakit Ramon Maria Lilin hasi zela ikastolaren bidea eta gero, Villa Sacramento iritsi zela . Ez zegoen, ordea, OHO ko seigarren, zazpigarren eta zortzigarren mailak ikastolan egiterik. Hori horrela Zurriolak, Ikasbidek, Orixek, Jakintzak eta Martuteneko ikastolek bat egin eta Barandiaran Lizeoa sortu zuten, OHO han bukatu ahal izateko. Ondoren, batxilergoa egin nahi zuenak bazuen Santo Tomasera joatea. Denboraren poderioz, OHOko maila guztiak ikastolan bertan ematea erabaki genuen, besteak beste, Santo Tomas lizeoa ez zelako gai ikasle guztiak hartzeko. Hori posible izan zen ikastolak Urrako lursaila bere egin zuelako. Gurasoek lan aparta egin zuten, Urra erosteko; ez zen batere erraza hiriaren erdigunean horrelako lursaila lortzea.
Irakaskuntza bera alde batera utzita bada mugimendua Zurriola ikastolan. Helduen danborrada, antzerki eskola... Zer ekarpen egiten du horrek guztiak?
Ikaragarria. Horrek aberasten du ikastola. Gure helburuetako bat gizarteari orokorrean erantzutea da, gizarteratze aktiboa alegia. Gure ikasleengan hori bultzatzea ez dugu lortuko ez badugu ezer egiten. Historikoki gurasoek ere parte-hartze oso handia izan dute ikastolan eta horregatik ikasleentzat ez ezik, gurasoentzat ere jarduerak daude: mendia, euskarazko eskolak, euskal dantzak, gimnasioa, sexualitate eta drogomenpekotasunaren inguruko tailerra...
Nola gustatuko litzaizuke ikastola ikustea 10 urte barru, alegia Urrezko Ezteiak betetzean?
Argazki osoa ikusi nahi nuke. Zurriola ikastolak irakaskuntza etapa guztiak eskaintzen ditu, batxilergoa eta lanbide heziketa modulo batzuk barne, Barandiaran lizeoarekin bat egin berri dugulako. Hortaz, handitu egin gara goitik behera. Baina horizontalki ere handitu egin gara. Urtero ikasle asko gelditzen zen ikastolan ezin sarturik. Hori horrela erabaki zen duela sei bat urte beste lerro bat jartzea¬gela bat gehiago maila bakoitzeko¬. Beldur ginen ordura arteko gertutasun galduko genuen; ikasle guztiek izena zuten nolabait esateko, gurasoekin ere harreman estua genuen... Etorkizunean gertutasun horri eusteko, txikiek, ertainek eta helduek egoitza bana izatea nahi dugu. Hori dela-eta, hirugarren egoitza egina ikustea nahi nuke. Berez, gaur egun hiru egoitza ditugu: Urra, Villa Sacramento eta Josefinen egoitza, baina azken hori behin behinekoa da; nahikoa toki ez genuelako jo genuen hara eta Lehen Hezkuntzako Bigarren eta Hirugarren mailetako 100 bat ikasle dago han.
Irakaskuntzan aldaketa asko izango ziren sorreratik hona, ezta?
Lehen aldaketa handia LOGSEa izan zen. Hezkuntzaren alderdi psikologikoan oinarritzen zen; metodologiari buelta eman zitzaion. Orain LOErekin gure ikasleek pertsona bezala bizitzako eremu guztietan konpetenteak izatea da helburua. Hezkuntza baino gehiago pertsona bere osotasunean da ardatza. Ez da erraza izango hori gauzatzea; formazioa beharko da ,baina itxaropentsu nabil.
Ikastolaren festa urtero izaten da, baina aurten berezia izango da .
Badago zer nabarmendu. Zehazki ekitaldi bereziak ez daude ikastolaren 40. urtemugarekin lotuta, baizik eta Zurriola eta Barandiaranen arteko bat-egitearekin. Esate baterako, harrera modukoa egingo zaio Barandiaran Lizeoari.
############
Gurasoek lan handia egin zuten Urra erosteko; ez zen erraza erdigunean horrelako lursaila lortzea
Etorkizunari begira, Ikastolak bi egoitza izan beharrean hiru izatea nahi nuke
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.